Busturiako Udalaren helburu nagusietako bat da Hiri Antolamendurako Plan Nagusia (HAPN) idaztea. Izan ere, HAPNa da udalerri bateko plangintza urbanistikoa zein herriko garapen ekonomiko, sozial zein kulturala diseinatzeko tresna. Busturian, gaur egun, Arau Subsidiarioak dira bertako plangintza: 1985ean izapidetzen hasi eta 1994ko azaroan zehar sartu ziren indarrean.
Aurreko udal gobernu taldeak proposatu zuen lehenagoko legealdiko hirigintza-politika aldatzea, Busturiaren eta busturiarren benetako beharrizanei erantzuten ez zielako. Busturia herri elitista bihurtzen zuen, alegia, udatiarrentzako bigarren etxebizitzez betetako herria.
Gauzak horrela, eta Busturiarako Plan Nagusiaren barruan hartu beharreko erabakiak zein garrantzitsuak diren ikusita, Udalak lehentasunezko zenbait gai finkatu ditu: ingurune fisikoa eta natura babestea; dagoen etxebizitza beharra nahiz etxebizitza tipologia kuantifikatzea; oinezkoen zein txirrindularien mugikortasun-politika jorratzea, bai eta bide-politika ere; ekonomia jarduerak sortzea; eta zerbitzuetarako azpiegiturak edota kulturaren, osasunaren zein kirolaren eremuko beharrizanei erantzuteko ekipamenduak hobetzea.
2010eko irailean Aurrerakin berri erreformatua entregatu zen, jendaurreko aurkezpenak egin ziren, erakusketa antolatu zen Altamirako Kultur Etxean, edukiak, dokumentazioa, planoak, eta abar biltzen zituen webgunea jarri zen martxan.
Prozesu hartatik 40 ekarpen baino gehiago sortu ziren, eta, horietatik, interesgarrienak dokumentu berri honetara ekarri ditugu.
Orain Plan Orokorrari onespena emateko unea iritsi da. Plan Orokor hori indarrean egongo da zortzi urtez, gutxi gorabehera. Azaroan Udalbatzak onespena eman eta, ondoren, bi hilabeteko epea irekiko da, busturiarrek ekarpen berriak egin ahal izateko. Egindako ekarpenei erantzun eta gero, dokumentuak behin-behineko onespena jaso eta Bizkaiko Foru Aldundira bidaliko da, han behin betiko onespena eman diezaioten.
Axpe auzoa,1 48350 Busturia (Bizkaia)
Tel. 94 687 00 50 • Faxa: 94 687 00 63
udala.busturia@bizkaia.org